Saltatu nabigazioa

Arazo bat ebazteko galderak

Zelan irten da aurreko jarduera? Ziur asko, orain hobeto ulertuko dugu zeinen beharrezkoak diren makina sinpleak gure eraikuntza-proiektuan. Argi daukagu dagoeneko zeintzuk izango diren eraiki behar dugun garajearen ezaugarriak eta atalak. Eraikuntza planifikatzeko, oso argi izan behar dugu, gainera, zer-nolako baldintzak bildu behar dituen gure garajeak.

Pertsonen beharrizan eta arazoei erantzuteko diseinatuta egon behar du edozein objektu teknologikok. Esate baterako, irudian ageri den musika-kutxa objektu teknologikoa da, beharrizan jakin bat asetzeko –musika entzuteko, adibidez– fabrikatutako objektu artifiziala delako.

Zein beharrizan edo arazo ebatzi behar du gure garajeak? Nolakoa izan behar du Haur Hezkuntzako adiskideen beharrizanak asetzeko? Erantzun galdera hauei:

Zer behar dugu proiektua aurrera eramateko?

Objektu teknologiko bat eraikiko dugunean, zer beharrizan aseko duen pentsatu behar dugu. Enkargu bat dugu: garajeak erabilgarria izan behar du bost urteko umeentzat. Gainera, badakigu hainbat baldintza bete behar dituela, eskarian hala jasota baitago.

Eraikiko dugun garajeak oso kontuan izan behar ditu bi alderdi horiek. Bestela, gure proiektua ez da baliagarria izango Haur Hezkuntzako ikasgelako adiskideentzat.

Hori kontuan izanik:

Hainbat galderari erantzun behar diogu
  • Zaila izango da garajea pertsona heldu baten laguntzarik gabe egitea?
  • Denbora luzea beharko dugu garajea eraikitzeko?
  • Erosiko ditugu materialak?
  • Lor ditzakegu material berrerabilgarriak?
  • Egin dezakegu lanen bat etxean?
  • Erabiliko ditugu koloretako pinturak? Zein motatakoak?
  • Egin beharko ote dugu marrazkirik?
  • Garrantzitsuak izango dira forma eta tamaina?
  • Zer tresna erabili beharko dugu?
  • Bilatuko dugu funtzionamendu mekanikoari buruzko informaziorik?
  • Zein elementu izango da eraikitzen zailena? Eta zein errazena?
  • Egin beharko dugu probarik?
  • Beharrezkoa da taldean lan egitea?
  • Nola jakingo dugu elementu mekanikoek funtzionatzen dutela?
  • Fabrikatutako garajeak baino merkeagoak izango dira gureak?
  • Nola planifikatuko dugu lana?
  • Nor arduratuko da materialak erosteaz edo ekartzeaz?
  • Jarri beharko dugu seinaleztapen-elementurik garajean?
  • Garrantzitsua izango da neurriak ondo erabakitzea? Nola egingo dugu?

Badirudi asko pentsatu beharko dugula, baita erabakiak hartu ere!

Erantzun eta erabaki

Talde bakoitzak galdera horiek erantzungo ditu. Horretarako, txantiloi hau erabiliko dugu (formatu editagarrian, odt-n, edo pdf-n)

Reflexión sobre aspectos del trabajo

Eskerrak taldean ari garen lanean! Guztion artean, eta heldu baten laguntzaz, galdera guztiak erantzungo ditugu.

Galderak sailkatuko ditugu

Pentsatu eta galderei erantzun ondoren, bildutako ideiak nahasita egongo dira, seguru asko. Batzuk estetikari lotuak izango dira, beste batzuk lanaren antolamenduari dagozkio...

Txukundu dezagun nahaspila hau! Honako txantiloi honen laguntzaz (formatu editagarrian, odt-an, edo pdf-n), galderak sailkatu egingo ditugu, gaiaren arabera.


clasificamos preguntas

Ikus dezakegunez, gure erantzunak (eta hartutako erabakiak) lau ataletan egituratu behar ditugu:

  • «Teknologikoak» atalean piezak nolakoak izango diren jasoko da, zer mekanismo baliatuko dugun, zer material erabiliko dugun... Aplikatu beharreko alderdi matematikoak (neurriak, inklinazioa...) eta fisikaren printzipioak (makinen funtzionamendua...) ere jasoko ditugu atal horretan.
  • «Estetika» atalean forma, kolore, tamaina eta abarren gaineko erabakiak jasoko ditugu.
  • «Lanerako moduak» atalean lanaren antolamenduari buruzko kontuak jasoko dira, zer adituri eskatuko diogun laguntza, etab.
  • «Ekonomia» atalean, erabiliko ditugun materialen kostuei buruzko erabakiak jasoko dira.
  • «Zailtasun-maila» atalean, objektu konplexua egingo dugun ala eredu xumeagoa aukeratu beharko dugun aztertzeko erabakiak jasoko dira.

Ez da hain zaila izan, ezta? Orain badakigu gauza asko hartu behar dugula kontuan objektu teknologiko bat eraikitzeko. Prozesu horixe bera bete behar dute adituek pertsonen arazo edo beharrizanak asetzera bideratutako objektuak pentsatu, diseinatu eta eraikitzeko orduan.

Pentsatu dugu inoiz, adibidez, edateko ura etxeetara nola eraman pentsatu zuten pertsonengan? Proiektu horiei guztiei esker dauzkagu hainbeste erosotasun gaur egun.

Gure erantzunak laburbilduko ditugu

Hartutako erabaki guztiak berrikusteko, irudian ageri den bezala, dokumentu batean idatziz jaso beharko ditugu, gure lanaren laburpen gisa balio dezan. Laburpena ondo gordeko dugu, hurrengo zereginetan ere erabili ahal izateko. Ideiak antolatzen laguntzeko, txantiloi hau erabil dezakegu (formatu editagarrian, odt-an, edo pdf-n).

resumen respuestas

Nola egin laburpenak? «Feedback» ataleko baliabideak lagungarri izango zaizkigu.

    Bi minutu pentsatzeko

    Erabakiak hartu baino lehen pentsatzeko tartea hartzea ez da erraza, baina gaitasun ezinbestekoa da. Zeregin honetan, taldeka pentsatu dugu zer-nolako ezaugarriak izan ditzakeen eraiki nahi dugun garajeak. Lehenengo eta behin, galderek behar bezala pentsatzen lagundu digute. Ondoren, konturatu gara egokia dela ideiak gaika sailkatzea. Azkenik, ideiak jasota gera daitezen, eraikuntza-alderdi bakoitzari lotuta hartutako erabakien testutxoa idatzi dugu.

    «Gogoeten egunkarian» sarrera berria egingo dugu, eta atal honen izenburu bera jarriko diogu: «Arazo bat ebazteko galderak».

    Eskolako koadernoan idatz dezakegu, Google Drive-en edo ordenagailuan gordeko dugun testu-dokumentu batean.

    Egunkariaren hirugarren sarrera egiteko zenbait gomendio eskaintzen dira «Feedback» botoian.

    Creado con eXeLearning (Ventana nueva)